Gizarte hiperkonektatua
Iraultza teknologiko baten ondoren, gizarte hiperkonektatua sortu dugu eta mugikorra gure gorputzaren luzapen bihurtu da. Gelditu, kontzienteki pentsatu, hausnartu eta bere erabilerak zenbateraino diren onuragarriak baloratzeko unea iritsi da.
UNICEFen datuen arabera, 10 urteko haurren %41ek dagoeneko mugikorra dute, DBHko ikasleen %92k badute eta sare sozialetan parte hartzen dute. Txikienen artean mugikorraren erabilerari buruz asko hitz egiten da.
Egia da mugikorraren erabileraz hitz egiteak berez ez digula informazio gehiegi ematen. Gailu honek erabilera anitza ditu: gurasoek txikienei marrazki bizidunak jartzeko erabiltzen dute edo bideo-jokoren bat jolasteko; Helduagoek telesailak ikusiko dituzte, sare sozialak erabili, argazkiak atera… lekuetara joateko, izapideak egiteko ere erabiltzen dugu.Batzuek deitzeko eta deiak jasotzeko ere erabiltzen dute.

Azkenaldian, ikastolako patioetan honetaz guztiaz hitz egiten da:
- Noiz da mugikorra emateko adin egokia?
- Txikientzat da?edota gurasoen lasaitasunerako?
Mugikorraren erabilera arduratsua?
Denok dakigu zer arrisku dakartzan internetera mugarik gabe sartzeak: Indarkeria, pornografia, ezezagunentzako sarbidea, gorrotozko-diskurtsoak… eta gurasoen kontrola dago hori guztia mugatzeko.
Teknologia modu arduratsuan erabiltzea oso garrantzitsua da, baina arreta gehiago jarri nahi nuen gutxinaka gutxituz doazen barne gaitasun eta baliabideetan, horretaz gehiegi jabetu gabe, txiki, gazte eta helduen hazkunderako kaltegarriak izan daitezkeenak.

Gelditzeko eta kontzientzia hartzeko unea da
- Lehen hausnarketa hauxe izan daiteke; ea mugikorra kontzienteki erabiltzen dugun, edo besoaren luzapena den. Ba al dugu une bat gelditu eta kontzienteki esaten duguna: “orain mugikorrari tarte bat eskainiko diot”?
- Beste galdera garrantzitsu bat da, ea mugikorra erabiltzen dugun hurbileko pertsonekin eta ezagunekin (lagunak, senideak…) harremanak izateko eta lotzeko edo, deslotzeko (isolamendua, influencer-ak, bideoak, sare sozialak…)?
Saiatu gaitezen mugikorraren erabileraren ibilbide txiki bat egiten bizitzaren fase ezberdinetan, txikienetatik hasita.
Txikienen kasuan, entretenimendua, dibertsioa eta geolokalizazioa dira mugikorraren erabileraren arrazoirik ohikoenak. Zergatik pentsatsen dugu helduok txikienek mugikorra behar dutela ondo pasatzeko?

Jokoak hazten laguntzen die
Haurren garapenean, hazten, harremantzen eta eguneroko egoerak esperimentatzen laguntzen dien jarduera nagusia jokoa da. Jokoa estrukturantea da haurren garapen psikologikoan. Ez dira dibertitzeko soilik jokatzen: ingurua esploratzen, euren burua ezagutzen eta besteekin harremantzen laguntzen die. Jokoaren bidez ikasi eta hazi egiten dira. Hori guztia pantaila eta mugikorren bidez mugatzen badugu, kalte egiten diegu: esploratzeko gaitasuna, motrizitatea, arreta, sormena eta harremantzeko moduak kaltetzen dira.
Ez diogu inolako mesederik egiten. Haurrak patio gehiago eta pantaila gutxiago behar dituzte. Baina ez gaitezen beste muturrera joan: nork ez die telebista edo mugikorra jarri etxean lasaitasun une bat lortzeko edo mugikorraren erabilerari buruzko artikulu bat egitea? Besterik gabe, behar hori gurea dela jakitea eta ez umearena.

Mugikorrekin, lokalizatuta
Geolokalizazioa, adibidez, askotan familiek nerabeei mugikorra emateko arrazoietako bat izaten da. Lan egin eta ordu asko pasatzen ditugu etxetik kanpo; nerabeak bakarrik egoten dira sarri, eta behar gaituztenean gurekin harremanetan jarri ahal izango dutela ziurtatu nahi dugu. Kaltegabea eta positiboa dirudi, ezta? Pentsa dezagun pixka bat.
Alde batetik, denbora tarte laburrez ari bagara, zer behar dezakete? Topatzen ez duten zerbait? Zapatilak non dauden jakiteko deituko digute? Zer jantzi ez dakitelako? Hamaiketarako zer prestatu ez dakitelako? Deituko al diegu guk institutora berandu ez iristeko?
“Joaten banaiz, ziur nik aurkituko dudala” orain WhatsApp edo dei bidez egin daiteke. Ez gara fisikoki bertan egongo, baina bai beti lokalizatuak.
- Autonomia eta erantzukizuna zaildu eta lausotu egiten dira.
- Mugikorra izango da zure zalantzak argitzeko bide azkarra eta berehalakoa.
- Frustrazioa jasateko gaitasuna, itxaroteko ahalmena.
- Trebetasun berriak garatzeko gaitasuna,
- Alternatibak bilatzeko gaitasuna… dena ahultzen doa.

Pentsatzeko gaitasuna, bahituta
Bestetik, egun osoa kanpoan egiten badugu, nerabe batek denbora guztia hori bakarrik igarotzea zenbateraino den egokia pentsatu beharko dugu. Agian, ez digute hainbeste lehen bezala bilatzen, agian, lagunekin edo bakarrik egon nahi dute, baina behar gaituzte, eta presente behar gaituzte.
Duela gutxi, “Pubertateko” zuzendari Leticia Dolerak zioen bezala: “arreta-krisi batean bizi gara; enpresa teknologiko handiek hausnartzeko eta pentsatzeko gure gaitasuna bahitu dute. Eta nerabeei erreferentzia eginez, honela zioen: “barneko narratiba sortzeko gaitasuna galtzen ari gara; nerabeak nor diren, zer sentitzen duten, zer gertatzen zaien, zer kezkatzen dituen eta zer egiten dien zoriontsu konektatzen laguntzen dien gaitasuna berreskuratu behar dute”.

Mugen garrantzia
Helduok kexu gara nerabeek mugikorrekiko duten dependentziaz: ezin dira mugikor barik egon, ez dakite beste modu batean harremantzen, orduak pasatzen dituzte pantailen aurrean…
Hori guztia kaltegarria dela baldin badakigu, zergatik uzten diegu? Ez gara gai muga argiak jartzeko, eta euren kabuz mobila utz dezatela nahi dugu, edo bestela, interneteko arriskuekin izutu egiten ditugu. Beldurra erabiliz mugatzeak ez ditu askeago egingo; beldurtiagoak baizik.
Haztea zaila da, eta hazten irakastea eta haie laguntzea ere bai. Bakarrik autorregulatzea nahi dugu, bakarrik heztea eta hori ez da posible ezta osasuntsua ere…

Bizitzarako gaitasunak desentrenatzen
Beste gai bat pantailak logelan erabiltzearena da. Eduki arriskutsura sarbide mugagabeaz gain, isolamendua sortzen du, giza kontaktua moteltzen du eta arreta eta loaren kalitatea kaskartzen ditu. Beraz, pantailak espazio komunetan erabili behar dira, guztionak; txikienenak eta nagusienenak ere.
Helduen artean, mugikorraren erabilerarekin desentrenatzen ditugun funtzioak funtzio exekutiboak dira: planifikatzea, antolatzea eta erabakiak hartzea hain zuzen ere. Gazte zein helduek askotan erabaki garrantzitsuak hartzeko adimen artifizialari galdetzen diote, edo Google Maps erabili gabe ezin dutela toki batera iritsi, edo laguna itxaroten ari direnean, mugikorra atera behar dutela.
Jokabide hauek naturalizatu egin ditugu, baina gure gaitasunen pertzepzioa ahultzen dute, eta askotan inseguritatea eta krisiak sortzen dituzte. Ez gara konturatzen alde batera uzten ari garenaz: erabaki okerrak hartzearen garrantzia, frustrazioa jasatea eta hortik ikastea; hirian zehar galtzea eta toki berriak deskubritzea; bakarrik egoteko gaitasuna… Hori guztia emozionalki hazteko lagungarria da; askotan, mobilik gabe ahalmen handiagoa dugula deskubritzen dugu.

Mugikorrarekin denboraren nozioa galtzen dugu
Mugikorrak helduengan sortzen duen beste zerbait denborarik ez dugunaren sentsazioa da. Adibidez, nor ez da autoan edo oinez goazela tramiteak egiten aritu? Laneko gauzak konpontzen? Arrandegiko eskaera egiten? WhatsAppari erantzuten? Eta, momentu berean, sare sozialetan bideo dibertigarriren bat ikusten edo azken krepe errezeta hobetzen? Agian karikaturizaturik dago, baina antsietatea eta exigentzia handia sortzen diogu gure buruari.
Badirudi gauza bakar bat egiteak eta behar duen denbora eskaintzeak ezinegona sortzen digula, eta denbora preziatua galtzen ari garela ematen du. Izan ere, mugikorrek denboraren pertzepzioa lausotzen digute, txikiei eta nagusiei.

Mugikorrak itzali, gaitasunak piztu
Gazteei zer mugatu eta zer debekatu pentsatzeaz harago, helduok berriz, mugikorrak tartean sartu gabe harremanetara eta elkar topaketetara itzultzeko zer aldaketa egin ditzakegun hausnartzeko gonbidapena da hauxe.
Honek gure bizi-kalitatea hobetuko du, eta aldi berean, txiki eta gazteentzat eredu izango gara, mugikorra gorputzaren luzapen bat ez dela esperimenta dezaten.
Haizea Marijuan, psikologoa
Utzi zure iruzkina